AULKI HUTSA

Ikuskizun hunek, Joseba Sarrionandiaren izkribu zonbaiten josketa du oinarri.

Herbestetik itzuli ezina den gizon batek, tragoa eskaintzen digu. Eta beste bat, bakartasuna traitzeko estakuruarekin. Eta azkena bideko.
Musikari batek dantzari bihurtzen du edalearen egonezina, bere iritzi eta asmoek kantu debekatuen hitzak diruditela. Desterruan ondu den arnoa edateko gomita bat.

Ikuskizun hau, kultur etxe, antzoki, taberna, gaztetxe, edo barra duen edozein gunetan eman litake.
Ikuslearekin harreman zuzena sustatzen da, denak trago beraren gomitak bailiran.
Eszenografiak egunkarien desbideratze metaforikoa lantzen du, errealismotik harantzago jotzeko asmoz.
Musikak guziaren batasuna bideratzen du.
Antzerki hau ez da olerki irakurketa bat; erronka nagusia, hitz-laxo horren barne ekintza atxemaitea da.
Bapatekoaren lilura sortzeko, ikuslearekin begirada trukatzeak izan behar du hitz jario horren iturria, gure memoria hurbilaren uretan barna.

Testuak : Joseba Sarrionandia
Dramaturgia : Ander Lipus eta Manex Fuchs
Zuzendaritza : Ander Lipus
Antzezlea : Manex Fuchs
Musika antolatzailea : Jean-Christian “Xanki” Irigoyen
Musikaria : Battitt Elissalde
Argiztapena : Josep Duhau.

Le Petit Théâtre de Pain taldearen sorkuntza bat.

JOSEBA SARRIONANDIA – BIBLIOGRAFIA

Euskal filologia ikasi eta Bergarako UNEDen fonetikako irakasle aritu zen. Literaturari eta zineari buruzko idazlanak eman zituen argitara eta Pott eta Ibaizabal literatur aldizkarien sortzaileetarikoa izan zen.

1980an, ETAko kide izatea leporaturik, preso hartu zuten. Epaitu eta hogeita zortzi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Urte berean hiru literatur sari irabazi zituen Maggie, indazu kamamila eta Enperadore eroa ipuinekin eta Izuen gordelekuetan barrena poesi bildumarekin. Espetxetik ihes egin zuen 1985ean eta geroztik klandestinitatean bizi da.

Sinbologia iradokorra erabiltzen du bere olerkietan. T.S. Eliot euskaraz (1983), Marinela (1985) eta Hamahiru ate (1985) itzulpenez gain, bere sorkuntza propioko narrazioak idatzi ditu: Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa (1985), Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (1985), Atabala eta euria (1986), Ez gara geure baitakoak (1989), Hitzen ondoeza (1997), eta Lagun izoztua (2002), besteak beste.

Bere poesiaren garapena Marinel zaharrak (1987) eta Kartzelako poemak (1992) liburuetan eman da, hasierako poemagintzan zuen kultismorako joera gaindituta. Bere obra poetikoaren bilduma eta ziklo oso baten gailurra da Hnuy illa nyha majah yahoo liburua (1995).

Iturria : www.idazleak.org

 Scène de Pays Baxe NafarroaHaize BerriEuskal Kultur Erakundea - Institut Culturel Basque